Médiathèque d'Hendaye

Pandémie en mots

Jeu d'écriture

 

ABENTURA

2028an, Euskal Herriko hiri handi batean

- “Aiora, Xanti, jantzi zaitezte! Azkar! Gaur sorpresaren eguna da!”.
- “Amatxi, zein da sorpresa?”, erantzun zidan Xantik, beti jakin-minez.
-“Badakizu, sorpresak kontatzen badira, ez dira gehiago sorpresak! Beraz jantzi zaitez eta ikusiko duzu!”, erran nion begi keinu bat eginez.

Duela egun batzuk, beste solasaldi luze baten ondotik, lortu nuen nire alabak haurrak asteburua nirekin pasatzen uztea. Ez zen erraza izan. Bere anaia ez bezala, beti beldur da Garazi. Denak izutzen du, haurrek min hartzeak, birusa harrapatzeak, istripua gertatzeak... Nahiz eta beti errepikatzen diodan gauza horiek guztiak edonoiz gerta litezkeela eta haurrak babesteko berak ez duela nik baino ahalmen gehiago, berdin zaio, segitzen du beldur izaten. Baina zorionez, batzuetan konturatzen da bere seme-alabek amatxi ere ikusi behar dutela, eta uzten dizkit, hamaika gomendio eta aholku eman ondoren.

Niretzat, eguzki-izpiak dira bilobak, haize fresko bolada handia, garai absurdo honetan bizirauteko arrazoi bakarrenetakoa. Lander, nire semea, beste gizon batekin bizi da, eta ez dit horrelako pozik eman. Bere homosexualitatea arazorik gabe onartzen badut ere, batzuetan damutzen zait, beti pentsatzen dudalako harekin gauzak ezberdinki joanen zirela, gure arteko harremana Garazirekikoa baino askoz sinpleagoa baita... Dena den, bi biloba zoragarri ditut eta ezin naiz kexatu: Aiora, 11 urteko neskatxa bizia eta errebeldea, eta Xanti, 8 urteko mutiko kuriosa, zintzoa, eta irudimen handikoa. Eta gaur, Historiaren parte txiki bat haiei ezagutaraztea erabaki dut, baldin eta amari ez kontatzeko hitz ematen bazidaten. Zeren gaur biziko duguna jakiten badu, Garazik ez dizkit gehiago haurrak inoiz utziko...

Goiz hotz hartan, beraz, prestatu ginen hirurok kalera ateratzeko. Jantzi integralak, eskularruak, babesteko begilagunak eta maskarak jantzi, pasaporteak hartu, eta azkenean, kanpora! Etxeko atean zegoen poliziari hiruron pasaporteak eta agiriak erakutsi, eta pasatzen utzi zigun. Eguzki herabeak batzuetan argi hitsa zabaltzen zuen hodeien artean, eta kale ia hutsetan ibiltzen ginen bitartean, haurrei oroitarazi nien:
-“Gogoratu, haurrak, amari hitzik ez!!!”. -“Bai, amatxi, lasai, jadanik erran diguzu ez dakit zenbat aldiz!”, erantzun zuen Aiorak.
-“Eta zer kontatu behar diogu? Zer egin duzue asteburuan?”.
-“Etxean egon gara, tabletekin jolastu, zurekin filmak ikusi telebistan, irakurri, eta txokolatezko pastela prestatu... eta jan!”, erran zuen Xantik.
-“Eta etxeko lanak egin! Funtsean, bihar, faltarik gabe egin beharko dituzue!”. -“Beno... pffff...” erantzun zuten biek hasperen batean.
-“Bai, amatxi, entzun nahi dut! Bestela berehala sartuko gara...” erran nien mehatxuzko ahots batez, haiei begira geldituz.
Orduan biek aho batez “Bai, amatxi, ados!”, eta gure bidea segitu genuen, hiri grisean zehar.

Hogei bat minutu ibili eta hiru kontrol pasa ondoren, iritsi ginen eraikin handi baten atera.
-“Iritsi gara, maiteak, baina ezin gara ate honetatik pasa, itxia baita. Beraz aparkalekutik pasatuko gara, atzetik. Segi nazazue!”
Gero eta jakin-min handiagoz, haurrak atzetik jarri zitzaizkidan, eta eraikinaren itzulia egin genuen. Hor, landare batzuek erdi ezkutaturik, behera zeraman eskailera bat zegoen, eta hartu genuen. Behean, kanpotik ikusezina zen ate bat zegoen: hiru aldiz jo nuen, gero beste bi, eta azkenik behin. “Sartzeko pasahitza da”, erran nien haurrei, hatza ahoan.

Minutu bat ez zen pasa, atea ireki zelarik, eta kolore anitzez jantzitako pertsonaia batek horrela agurtu gintuen:
-“Kaixooooooo! Zer haurrrrrr poliiiitak!!! Onnnngi etoooooorrrrrrriiiii gure palaziooooo horrrrrrretarrrraaaaa!!!!”.
-“Amatxi, zergatik mintzatzen da horrela gizon hau?” galdegin zidan Xantik, harriturik.
-“Ah, ikusiko duzu... sorpresa orain hasten da!”, erantzun nion, irribarrea begietan. Pertsonaia koloretsuari jarraituz, pasabide iluna hartu genuen, eskailera batera iritsi arte. Igo eta gela handi batera sartu ginen. Haurrek begi borobilak ireki zituzten orduan:
- “Amatxi, telebistan bezala da gela hau!” erran zuen Xantik, aulkiak eta agertokia ezkutatzen zuten oihal handiak ikusirik.
-“Bada bai”, erantzun nion, “baina zu sortu aitzin, horrelako geletara joaten ginen erregularki. Bertan, orain telebistan baizik agertzen ez diren gauzak ikusten genituen: antzerkia, musika, dantza... Geroztik, birusarengatik denak itxi zituzten, baina batzuek irekitzen segitzen dute, klandestinoki, debekatua bada ere. Horregatik ez diozue INORI kontatu behar gaur hona etorri garenik, bai? Bestela arriskuan jarriko zenituzkete gonbidatu gaituztenak. Ados? Sekretua da!”.
- “Bai, amatxi, lasai!” biek aho batez.
- “Goazen esertzera!”. Haurrek ongi ikus zezaten, agertokitik hurbil hartu genituen tokiak. Jantzi integralak, eskularruak eta begilagunak erantzi, eta eroso jarri ginen. Unetxo bat pasa ondoren, oihalak ireki ziren, eta harrera egin zigun pertsonaia azaldu zen.
-“Kaixooooooo, jaun-andrrrrrreeeeak, kaixooooooo haurrrrrak! Onnnngi etoooooorrrrrrriiiii gure palaziooooo horrrrrrretarrrraaaaa!!!! Gaur ikusiko duzuena magikoa eta berezia da, oso leku gutxitan ikusten da... Beraz zabaaaaaldu begiak, ireki belaaaaaarrrrrrriak, eta has dadila ikuuuuussssskizunaaaaaa!”.

Kolore eta soinu desfile etengabea izan zen. Musikariak, dantzariak, akrobatak, eskuketariak, mago bat, pailazoak... haurrek lilura eta harriduraren artean pasa zuten ikuskizun osoa, irribarre handia aurpegian, izarrak begietan. Ez zuten sinesten ahal horrelako gauzak existitzen zirenik, pantaila batean baizik ez baitzituzten ikusi beren bizitza labur osoan...

Amaieran, kostatu zitzaien aulkitik mugitzea. Oraindik burua kolorez eta musikaz blai zuten, eta nonbait, zaila zitzaien bukatua zela ohartzea eta errealitatera itzultzea. Atera ginen emeki hirurok, irribarrea ezpainetan, etorri ginen ate ezkutatutik, eta luzez isilik, erdi ametsetan egon ondoren, biak niri begira gelditu ziren: - “Amatxi, zinez milesker!!! Hau sorpresa bikaina!!! Ez dugu sekulan ahantziko, benetan!!!!”, erran zidan Aiorak, ahotsa zirraraz betea. - “Asko maite zaitut, amatxi, milesker!”, gehitu zuen Xantik.

Ez zuten askoz gehiagorik erran, denbora behar zuten bizi zuten esperientzia barneratzeko, nahiz eta gero, gauean, etxean, galdera eta iruzkin anitz botako zuten, agian nolabait ikusi genuena iraunarazteko asmoz edo... Azkenean, oheratu aitzin, nik halaxe erran nien: -“Orain, biloba maiteak, badakizue zer den ikuskizun bat zuzenean ikustea. Gobernuak pandemia hartu zuen aitzakiatzat, kulturgune guztiak ixteko. Funtsean, ez gara gaixotu, eta ikusiko duzue, ez gara gaixotuko. Baina boteredunen arabera, kultura ez da nahitaezkoa bizitzeko, gainera jendea amets egitera, errealitate ilunetik ihes egitera eta gogoetatzera gonbidatzen du, eta dirudienez ez zaie komeni. Beraz kendu egin digute. Ez ahantz inoiz hori, maiteak: mundua, arte bizirik gabe, gris eta zentzugabea da. Zuek zarete etorkizuna, eta beraz, gorde ezazue gaurko eguna buruaren txoko batean. Bihar, helduak izanen zaretenean, zuen esku izanen da horrelako lekuak eta ikuskizunak berpizten ahalegintzea. Ez ahantzi inoiz”.

Buruarekin biek baiezko keinua egin, eta muxu bat eman ondoren, begiak itxi zituzten, amets koloretsuei atea irekiz.

Elsa Spizzichino